18. Emakumea zetorrela zabaldu zenean, istilua sortu zen kanpaleku osoan. Gudariak emakumearen inguruan bildu ziren, Judit Holofernesen oihal-etxolaren aurrean zegoen bitartean, gudalburuari beraren berri eman zain.
19. Harrituak zeuden emakumearen edertasunaz eta, berarengatik, miretsi egiten zituzten israeldarrak, elkarri esanez: «Gutxiets ote daiteke honelako emakumeak dituen herria? Huts ederra izango litzateke horietako gizon bakar bat ere bizirik uztea! Mundu osoa liluratuko lukete bizirik geldituek!»
20. Atera ziren Holofernesen oihal-etxolako zaintzaileak eta ofizialak, eta sartu zuten barrura Judit.
21. Sabaidun ohean zegoen etzana Holofernes; ohe-sabaia purpura eta urrez egina zen, esmeraldaz eta harribitxiz apaindua.
22. Juditen berri eman ziotenean, atera zen Holofernes sarreraraino, zilarrezko kriseiluz aurretik argi egiten ziotela.