Jakinduria 5:1-12 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Orduan, zutik egongo da zintzoa, guztiz seguru,atsekabetu eta bere nekeengatik mespretxatu zutenen aurrean.

2. Hauek izu-ikaraz dardaraz geldituko dira, hura ikustean,beraren ezusteko salbamenaz txunditurik.

3. Bihotz-zimikoz, estu eta larri,intzirika esango diote elkarri:

4. «Guk, zentzugabeok, barre egiten genion horri,eta iseka-gai bihurtzen genuen.Horren bizitza zorakeriatzat jotzen genueneta heriotza mespretxagarritzat.

5. Nola dago, bada, orain Jainkoaren seme-alaben artean,aingeruen ondarean esku hartuz?

6. Geu gara, gu, egiaren bidetik aldendu ginenak;zuzentasunaren argiak ez gintuen argitu,eguzkia ez zen guretzat irten.

7. Aspertu gabe ibili ginen gaiztakeri eta hondamen-bideetan,igaroezineko basamortuan zehar,Jaunaren biderik ezagutu gabe.

8. Zertarako balio izan digu geure harropuzkeriak?Zer onura ekarri digu harrotzeko bide genuen aberastasunak?

9. Itzala bezala desagertu da hori guztia,lasterka doan mezularia bezala;

10. edo itsasoko uhinak zeharkatzen dituen ontzia bezala:igaro eta arrastorik ez du uzten,ontzipeak ere ez lorratzik uhinetan;

11. edo airean hegan doan txoria bezala:ez du bere hegaldiaren aztarnarik uzten;bere hegoez zafla-zafla jotzen du aire arinaeta ziztu bizian airea urratzen eta bidea irekitzen hegaldaka,baina ez du igaro den seinalerik uzten;

12. edo jo-puntura jaurtitako gezia bezala:urratzen duen airea berehala elkartzen daeta ez dago haren nondik norakoa jakiterik.

Jakinduria 5