8. «Behin batez, zuhaitzek erregea izendatu nahi zuten berentzat. Eta esan zioten olibondoari: “Izan hadi gure errege!”
9. Baina olibondoak erantzun zien: “Eta jainkoak eta gizon-emakumeak ohoratzeko den neure olioa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”
10. «Orduan, zuhaitzek esan zioten pikondoari: “Izan hadi gure errege!”
11. Baina pikondoak erantzun zien: “Eta neure fruitu eder eta gozoa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”
12. «Ondoren, zuhaitzek esan zioten mahatsondoari: “Izan hadi gure errege!”
13. Baina mahatsondoak ihardetsi zien: “Eta bai jainkoak, bai gizon-emakumeak pozten dituen neure ardoa emateari uko egin, zuhaitzen gainean dilindan ibiltzeko?”
14. «Azkenik, zuhaitzek elorriari esan zioten: “Izan hadi gure errege!”
15. Elorriak erantzun zien: “Egiaz zeuen errege izendatu nahi banauzue, zatozte, babestu nire itzalpean; bestela, Libanoko zedroak ere irentsiko dituen sugarra aterako zait”».
16. Eta Jotamek jarraitu zuen: «Abimelek izendatu duzue errege. Egoki eta zuzen jokatu al duzue hori egitean? Ongi jokatu al duzue Jerubaalekin eta beronen etxearekin? Honek egindako guztiarengatik merezi bezala ari izan al zarete?
17. Zuen alde borrokatu zen gure aita, bere bizia arriskatuz, eta madiandarren menpetik libratu zintuzten.