Baruk 1:4-18 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. handikiak, printzeak, herri-agintariak eta herritar guztiak bildu ziren, hots, Babilonian, Sud ibai inguruan, bizi ziren israeldar guztiak, txiki eta handi.

5. Guztiek negar, barau eta otoitz egin zuten.

6. Gero, diru-bilketa egin zuten, bakoitzak bere ahalbideen neurrian eman zuelarik;

7. eta dirua Jerusalemera, Helkiasen seme eta Salomen iloba zen Joakim apaizari eta Jerusalemen bizi ziren beste apaiz eta herritarrei bidali zieten.

8. Aldez aurretik, Siban hilaren hamarrerako, berreskuratuak zituen Barukek babiloniarrek tenplutik harrapatutako ontziak, Jerusalemera berriro itzultzeko; Josiasen seme eta Judako errege Sedekiasek eginarazitako ontziak ziren,

9. Babiloniako errege Nabukodonosorrek Jekonias erregea, buruzagi, esklabo, handiki eta herriko jendearekin, Jerusalemdik Babiloniara eraman ondoren.

10. Mezu hau bidali zieten: «Dirua bidaltzen dizuegu, erre-opari eta barkamen-oparietarako abereak eta intsentsua eros ditzazuen; eskaini labore-opari eta sakrifizioak Jaunaren, gure Jainkoaren, aldare gainean,

11. eta egizue otoitz Babiloniako errege Nabukodonosorren eta beronen seme Baltasarren osasunerako, zeruak dirauen artean bizi daitezen;

12. eman diezazkigula Jaunak indarra eta argia Babiloniako errege Nabukodonosor eta beronen seme Baltasarren babespean bizi ahal izateko; luzaroan zerbitza ahal ditzagula eta berorien onginahia geureganatu.

13. Egin otoitz gure alde ere Jaunari, gure Jainkoari, bekatu egin baitugu beraren kontra, eta orain arte ez du bere haserre-sumina guregandik urrundu.

14. «Irakurri liburu hau: Etxola Jaietan eta beste egun egokietan Jaunaren etxean bekatuak aitor ditzazuen bidaltzen dizuegu. Honela egingo duzue otoitz:

15. «Jauna, gure Jainkoa, bakarrik da zuzena! Gu, berriz, lotsagarri gaude, gaur ikus daitekeenez: lotsagarri judatarrok eta Jerusalemgo bizilagunok,

16. lotsagarri gure errege, agintari, apaiz, profeta eta gurasoak.

17. Bekatu egin dugu Jaunaren aurka:

18. ez gatzaizkio leial izan. Ez dugu aditu Jaunaren, geure Jainkoaren, mintzoa eta ez diegu jarraitu eman dizkigun aginduei.

Baruk 1