2 Makabearrak 15:3-19 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

3. Maltzur handi hark, ordea, galdetu zuen ba ote zen zeruan larunbata jai egiteko agindu zuen Nagusirik.

4. Juduek erantzun zioten: «Bizi den Jaunak berak, zeruko Nagusiak, agindu du larunbata jai egiteko».

5. Nikanorrek, berriz, ihardetsi zien: «Ba, nik, lurreko nagusi naizen honek, armak hartu eta erregearen alde egiteko agintzen dut».Hala ere, ezin izan zuen bere asmo gaiztoa bete.

6. Nikanorrek, bere neurrigabeko handikeriaz harrotua, oroitarri bat eraikitzea erabaki zuen, Judas eta beronen gizonen gain izaniko garaipenaren oroigarri.

7. Makabearrak, aldiz, sendo eusten zion uste onari, Jaunarengandik laguntza izango zuenaren itxaropenez.

8. Eta bere lagunak adoretu zituen, jentilen beldurrik izan ez zezaten, baizik eta, lehen Jaunak eman zien laguntasunaz oroiturik, oraingoan ere garaipena Ahalguztidunak emango ziela itxaron zezaten.

9. Legea eta profetak aipatuz bizkortu zituen. Eta adore handiagoa eman zien, ordu arte izandako borrokak gogoraraziz.

10. Haien ausardia horrela pizturik, berotu egin zituen, jentilak zein desleial ziren eta beren zin-hitzak nola hausten zituzten esanez.

11. Gizon bakoitza armatu zuen, baina babeskiak eta lantzak ematen duten segurtasunaz baino gehiago hitz jatorrek ematen duten konfiantzaz, eta guztiak pozez bete zituen amets sinesgarri bat, ikuskari antzeko bat, kontatuz.

12. Hona hemen ikusi zuena: Onias, apaiz nagusi izana, gizon jator, eratsu eta atsegina, hizkera egokikoa, haurtzarotik onbide guztietan jarduna, besoak zabalik, otoitzean ari zen judu-elkarte osoaren alde.

13. Ondoren, beste gizon bat agertu zitzaion Judasi, ile-zuria, duintasun handikoa, tankera bikainekoa eta handitasunez inguratua.

14. Oniasek otoitz egin eta esan zuen: «Gizon hau Jeremias da, Jainkoaren profeta. Maite ditu bere senideak eta otoitz asko egiten du herriaren eta hiri santuaren alde».

15. Orduan, Jeremiasek, eskuineko eskua luzatu eta urrezko ezpata eman zion Judasi, hitz hauek esanez:

16. «Torizu ezpata santu hau; Jainkoaren dohaina duzu eta beronekin hondatuko dituzu etsaiak».

17. Ausardia pizteko eta gazteei adore bizia emateko hain eder ziren Judasen hitz haiek bizkorturik, kanpalekuan gelditu ordez, denak batera erasoari ausarki eta adorez ekitea pentsatu zuten juduek, arazoa erabakitzeko. Izan ere, arriskuan zeuden Jerusalem hiria, erlijioa eta tenplua.

18. Emazte eta seme-alaba, senide eta ahaideei buruz zuten kezka baino handiagoa eta lehenagokoa zen tenplu sakratuari buruz zutena.

19. Bitartean, hirian gelditu zirenen larritasuna ez zen txikiagoa, guda-zelaian borrokan ari zirenez kezkatuak baitzeuden.

2 Makabearrak 15