2 Makabearrak 14:1-10 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

1. Hiru urteren buruan, Judasek eta beronen gizonek jakin zuten Seleukoren seme Demetrio Tripoliko portura heldu zela gudari-talde handi batekin eta ontziteriarekin.

2. Eskualde hartaz jabeturik, hilarazi egin zituen Antioko eta Lisias beronen hezitzailea.

3. Bazen Alkimo izeneko bat, antzina apaiz nagusi izana, baina Makabearrak asaldatu ziren garaian bere gogoz kutsatua. Berarentzat inolako salbamenik ez zegoela pentsatuz eta aldare santura ezin izango zela berriro hurbildu,

4. Demetrio erregeagana joan zen ehun eta berrogeita hamaikagarren urte inguruan, eta urrezko koroa, palmadarra eta tenplura eraman ohi direnak bezalako olibondo-adarrak eskaini zizkion. Egun hartan ez zuen besterik egin.

5. Baina aurkitu zuen Alkimok abagune ederra bere erokeriarentzat, Demetrio erregeak biltzarrera deitu eta juduen erabaki eta asmoei buruz galdetu zionean.

6. Alkimok erantzun zion: «Asidear izeneko juduek, Judas Makabearra buru dutela, guduak eta gatazkak pizten dituzte eta ez diote erreinuko jendeari bakean bizitzen uzten.

7. Horregatik, neure arbasoengandik nuen apaizgo nagusia kendu zidaten arren, hemen natorkizu;

8. lehenbizi, erregearen interesek egiaz axola didatelako eta, bigarren, gure herritarren egoerak kezkatzen nauelako. Izan ere, lehen aipatu dizkizudan gizonen erokeriengatik asko sufritzen ari da gure herri osoa.

9. Beraz, jakin ezazu xehetasun guztiz arazo horren berri, oi errege, eta zaindu gure herrialdea, arriskuan dagoen gure nazioa, denei eskaintzen diezun onginahi zabal horrekin.

10. Bestela, Judas bizirik den bitartean, ezin izango du estatuak bakerik iritsi».

2 Makabearrak 14