2 Makabearrak 11:7-21 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Makabearrak, armak hartzen lehena bera izanik, adoretu egin zituen besteak, beren senideei laguntzearren arriskuari aurre egin ziezaioten. Eta denak batera ausarki oldartu ziren.

8. Han bertan, Jerusalemdik hurbil, zuriz jantziriko zaldun bat agertu zitzaien aurrean, eskuan urrezko armak zituela.

9. Orduan, denek aho batez Jainko errukitsua goretsi zuten. Erabat adoretuak eta kemenez beteak, prest zeuden gizonei ez ezik, basabererik amorratuenei eta burdinazko harresiei ere erasotzeko.

10. Guda-lerrotan jarririk, aurrera zihoazen, zerutiko laguna gidari zutela. Izan ere, errukitu egin zitzaien Jauna.

11. Lehoiak bailiran erori ziren etsaien gainera. Hamaika mila gudari oinezko eta mila eta seiehun zaldizko hil zituzten eta, gainera, guztiei ihes eragin.

12. Gehienak zaurituak eta armak galdurik joan ziren ihesi; Lisias bera ere lotsagarri ihes eginez salbatu zen.

13. Lisias, ordea, ez zen zentzugabea. Jasan zuen hondamendia hausnartuz, hebrearrak menderagaitz zirela ohartu zen, Jainko ahaltsua lagun zutelako.

14. Orduan, mandatariak bidali zizkien juduei bakeak egiteko, baldintza bidezkoak ipiniz. Erregea ere beraiekin adiskidetzera bultzatuko zuela hitzeman zien.

15. Denen onari begira, baiezkoa eman zien Makabearrak Lisiasen proposamen guztiei. Erregeak ere, bere aldetik, Makabearrak juduentzat Lisiasi idatziz eskatutako guztia eman zion.

16. Lisiasek juduei idatzi zien gutunak hau zioen: «Lisiasek judu-herriari, agur!

17. Joan eta Absalom zuen mandatariak eman didate azpian idatzitako gutuna, eta berorretan datozen proposamenak onartzeko eskatu.

18. Eman diot erregeari adierazi behar zitzaion guztiaren berri; nire esku zegoenari, berriz, baiezkoa eman diot.

19. Beraz, zuek gobernuarekiko borondate onean irauten baduzue, ni ahaleginduko naiz zuen alde lan egiten.

20. Arazo hauei eta xehetasunei buruz zuekin hizketa daitezela agindu diet zuen eta neure mandatariei.

21. Izan ongi! Ehun eta berrogeita zortzigarren urtean, Dioskoro hilaren hogeita lauan».

2 Makabearrak 11