2 Makabearrak 10:15-23 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

15. Aldi berean, idumearrek ere, gotorleku egokien jabe eginik, juduei eraso egiten zieten. Eta, Jerusalemdik ihesi joanei babesa emanik, gerra pizten ahalegintzen ziren.

16. Orduan, Makabearraren aldekoek, Jaunari otoitz egin eta guduan lagun izan zezatela eskatu ondoren, Idumeako gotorlekuen kontra jo zuten.

17. Oldarrean eraso eginik, gotorlekuez jabetu ziren juduak, harresietan borrokatzen zirenei atzera eragin ondoren. Lepoa mozten zieten harrapatutako guztiei. Gutxienez, hogei mila lagun hil zituzten.

18. Bi dorre sendo-sendotan, gutxienez, bederatzi mila lagun babestu ziren; inguraturik egon arren, bazuten irauteko behar den guztia.

19. Setio hura egiteko behar hainbat gizonekin Simon eta Jose, Zakeorekin batera, bertan utzirik, Judas Makabearra beste gotorleku batzuetara joan zen, besteak baino bizkorrago hartu behar zirenetara.

20. Dorretan inguratuak zeuden batzuek, ordea, erosi egin zituzten Simonen gizonak, diruzale baitziren hauek. Zilarrezko hirurogeita hamar mila txanpon hartu eta ihes egiten utzi zieten batzuei.

21. Gertatua jakitean, Makabearrak bildu zituen gudarosteko buruzagiak eta aurpegira bota zien errudunei, etsaiei ihes egiten utziz, beren senideak diruarengatik saldu izana.

22. Orduan, traidoreak hilarazi eta berehala hartu zituen bi dorreak.

23. Berak zuzendurik, gudukatzeak arrakasta izan zuen, eta hogei mila lagun baino gehiago hil zuen bi dorreetan.

2 Makabearrak 10