2 Kronikak 4:6-15 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Hamar ur-ontzi eginarazi zituen eta uraskaren ezker-eskuin ezarri, bost alde batean eta bost bestean; haietan garbitu ohi zuten erre-oparietarako guztia. Brontzezko uraska handia, berriz, apaizen garbikuntzetarako izaten zen.

7. Urrezko hamar argimutil ere egin zituen, agindutako ereduaren arabera, tenpluko sala handian ezartzeko, bost eskuinaldean eta beste bostak ezkerraldean.

8. Hamar mahai egin zituen eta sala handian ipini, bost eskuinaldean eta bost ezkerraldean. Urrezko ehun isipu-ontzi ere egin zituen.

9. Apaizen ataria eta beste atari handiagoa egin zituen, bere ate eta guzti; ateak brontzez jantzi zituen.

10. Brontzezko uraska handia tenpluaren eskuinaldean hego-ekialdera ezarri zuen.

11. Azkenik, pertzak, hauts-palak eta isipu-ontziak egin zituen Huramek. Honela bukatu zituen Jainkoaren etxerako Salomonek agindu zizkion lanak.Hona hemen lan horien zerrenda:

12. bi zutabe, zutabe horien buruetan zeuden kapiteletarako bola bana, zutabeburuetako kapiteletan zeuden bola haiek apaintzeko sare bana,

13. laurehun granada-fruitu, bi sareetan ezartzeko, bina lerro sare bakoitzean, zutabeburuetan zeuden kapiteletako bi bolak apaintzeko;

14. orgak eta hauetan ur-ontziak;

15. «Itsaso» zeritzan uraska —bat bakarra—, eta beroni eusteko hamabi zezen;

2 Kronikak 4