2 Kronikak 34:21-28 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

21. —Zoazte eta kontsulta egin Jaunari nire izenean eta Israelen bizirik gelditutakoen eta Judakoen izenean, aurkitu duten liburu honek dioenaz. Izan ere, haserre bizitan egon behar du Jaunak gurekin, gure arbasoek Jaunaren hitzari kasurik egin ez diotelako eta liburu honetan idatzia bete ez dutelako.

22. Orduan, Hulda profetesagana joan ziren Hilkias eta erregeak izendatutako besteak. Profetesa hura Jerusalemgo auzategi berrian bizi zen. Haren senar Xalum, Tokhaten seme eta Hasraren biloba, tenpluko jantzien arduraduna zen. Adierazi zioten arazoa Huldari,

23. eta honek erantzun zien:—Hau dio Jaunak: «Esaiozue bidali zaituztenari

24. hau diodala nik, Jaunak, Israelen Jainkoak: “Judako erregearen aurrean irakurri duten liburuko hitzek adierazitako madarikazio guztiak betez, hondamendia bidaliko dut toki honetara eta bertan bizi direnen gainera.

25. Baztertu nautelako, jainko arrotzei intsentsua erre dietelako eta idoloak eginez iraindu nautelako, sutu egin zait haserrea toki honen kontra eta ez zait itzaliko”.

26. Baina Jaunari kontsulta egitera bidali zaituzten Judako erregeari esaiozue hau diodala nik, Jaunak, Israelen Jainkoak, entzun dituzun hitzei buruz:

27. “Entzun duzu nik toki honetan bizi direnen kontra esan dudana. Horregatik, zure bihotza bigundu egin da eta apaldu egin zara nire aurrean. Nire aurrean apaldu zarelako, zeure jantziak urratu eta negar egin duzulako, nik ere entzun dizut. Hala diot nik, Jaunak.

28. Beraz, toki honetara bidaliko dudan hondamen hori ikusi baino lehen zeure arbasoengana bilduko zaitut, eta bakean ehortziko zaituzte zeure hilobian”».Hala, mandatariek erregeari eraman zioten erantzun hori.

2 Kronikak 34