2 Erregeak 6:6-17 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

6. Jainkoaren gizonak galdetu zion:—Nora jausi zaizu?Erakutsi zion hark tokia, eta Eliseok adar bat moztu eta hara bota zuen; orduan, ur-azalean agertu zen aizkora.

7. Eliseok esan zion:—Hartzazu.Eskua luzatu eta hartu egin zuen.

8. Siriako erregea liskarretan zebilen Israelgo erregearen kontra. Bere gudalburuekin biltzarra egin zuen batean, esan zien:—Ezar ditzagun guda-etxolak halako tokian.

9. Jainkoaren gizonak, orduan, ohar hau bidali zion Israelgo erregeari: «Kontu! Ez igaro toki hartatik, hara jaitsi baitira siriarrak».

10. Israelgo erregeak gudariak igorri zituen Jainkoaren gizonak esandako tokira. Behin baino gehiagotan gertatu zen hau: Eliseok ohartarazten zuen erregea eta hau erne egoten zen.

11. Urduri zebilen Siriako erregea arazo horrengatik; hala, bere gudalburuei dei egin eta esan zien:—Esadazue gure arteko zein dabilen Israelgo erregearen alde!

12. Gudalburu batek erantzun zion:—Inor ere ez, errege jauna. Israelen bizi den Eliseo profetak jakinarazten dizkio Israelgo erregeari zuk esaniko guztiak, baita logelan esanikoak ere.

13. Erregeak agindu zuen:—Jakizue non den eta harrapatzeko aginduko dut.Dotanen zela adierazi ziotenean,

14. gudari-talde handi bat bidali zuen, zaldi, guda-gurdi eta guzti; gauez heldu eta inguratu egin zuten hiria.

15. Goizean goiz jaiki zen Jainkoaren gizonaren morroia eta, gudariek beren zaldi, guda-gurdi eta guzti hiria inguratua zutela ikustean, esan zion Eliseori:—Ai, ene jauna, zer egin behar dugu orain?

16. Eliseok erantzun:—Ez beldurtu! Ugariagoak ditugu guk geure aldekoak, horiek beren aldekoak baino.

17. Orduan, Eliseok otoitz egin zuen, esanez: «Jauna, ireki iezazkiozu begiak, ikus dezan».Ireki zizkion Jaunak begiak mutilari eta mendi osoa Eliseoren inguruan suzko zaldi eta guda-gurdiz josia zegoela ikusi zuen.

2 Erregeak 6