2 Erregeak 5:13-22 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

13. Morroiak, ordea, hurbildu eta honela mintzatu zitzaizkion:—Ene aita, profetak gauza zailen bat agindu izan balizu ere, ez al zenukeen egingo? «Busti zaitez eta garbi geldituko zara» besterik ez dizu esan. Zergatik ez egin?

14. Horrela, beraz, murgildu zen Naaman Jordan ibaian zazpi aldiz, Jainkoaren gizonak agindu bezala. Azala haur txikiarena bezalakoa bihurtu zitzaion. Erabat sendatu zen Naaman.

15. Orduan, Jainkoaren gizonarengana itzuli zen bere talde osoarekin; profetagana heltzean, zutik gelditu eta esan zion:—Orain badakit ez dela lur osoan Jainkorik Israelena baizik. Otoi, onar ezazu zerbitzari honen esku-erakutsia.

16. Eliseok ihardetsi zion:—Ala Jauna, bere zerbitzari nauena! Ez dut ezer ere hartuko.Naamanek hartzeko eta hartzeko esan arren, Eliseok ez zuen hartu nahi izan.

17. Naamanek, orduan:—Deus ere hartu nahi ez duzunez, emadazu bederen bi mandok eraman dezaketen bezainbat lur; ez baitiot erre-oparirik, ez sakrifiziorik inolako jainkori eskainiko Jaunari baizik.

18. Baina barkatuko al dit hauxe Jaunak: nire nagusia, niri besotik heldurik, Rimon jainkoa bere jauretxean gurtzera sartzean, nik ere harekin batera ahuspeztu beharra izatea. Barkatuko al dit Jaunak ekintza hori!

19. Eliseok erantzun:—Zoaz bakean.Naaman Eliseogandik puska bat urrundu zelarik,

20. Gehazik, Jainkoaren gizon zen Eliseoren morroiak, hau zioen bere baitan: «Bigunegia izan da nire jauna Naaman siriar horrekin. Ez dio deus ere hartu nahi izan. Ala Jauna! Noan bizkor beraren atzetik, ea ematen didan zerbait».

21. Abiatu zen, beraz, bizkor Gehazi Naamanen ondoren eta hau, atzetik zetorkiola ikustean, gurditik salto batez jaitsi eta bila joan zitzaion, esanez:—Zer dugu?

22. Gehazik esan zion:—Hara, neure jaunak bidali nau zuregana esatera, oraintxe etorri zaizkiola Efraimgo menditik profeten taldeko bi mutil gazte, eta haientzat hogeita hamabost kilo zilar eta bi soineko berri emateko, mesedez.

2 Erregeak 5