1 Makabearrak 9:7-25 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

7. Ikusi zuen Judasek bere gudarostea ahuldua zegoela eta gudua gainean zuela; baina ez zuen astirik berriro biltzeko. Orduan, bihotza lur joa gelditu zitzaion.

8. Lur joa egon arren, esan zien gelditu zitzaizkion gizonei:—Jaiki! Goazen etsaien kontra; ea, aurre egin diezaiekegun.

9. Gizonek, ordea, atzera eragin nahiz, esan zioten:—Ezin dugu, gutxi gara eta. Orain, salba dezagun bizia! Gero, lagunak hartu eta itzuliko gara etsaiei aurre egitera.

10. Judasek ihardetsi zien:—Inola ere ez dut ihes egingo! Hiltzeko ordua heldu bazaigu, hil gaitezen adore osoz geure senideen alde, gure izen ona zikintzen utzi gabe.

11. Etsaien gudarostea kanpalekutik atera eta juduei erasotzeko prestatu zen. Zalditeria bi taldetan banatua zuten; habailariak, arkulariak eta gizonik adoretsuenak gudarostearen aurrealdean zetozen. Bakides, berriz, eskuinaldean.

12. Gudari-saila bi aldeetatik hurbildu zitzaien juduei, turutak joz; Judasen taldekoek ere jo zituzten berenak.

13. Lurra dardaratu egin zen bi gudarosteen zarata-hotsez. Ekin zioten guduari eta borrokan jardun zuten egunsentitik ilunabarreraino.

14. Bakides eta beronen gudari-talderik hoberenak eskuinaldean zirela ikusirik, Judasek, bere gizonik ausartenekin,

15. eskuineko gudari-sail hura menderatu eta pertsegitu egin zuen Azotoko muinoraino.

16. Alabaina, eskuineko gudari-saila menderatua zela ohartzean, ezkerreko sailekoek Judas eta beronen gizonen ondoren joan eta eraso egin zieten.

17. Borroka izugarria izan zen eta gizon asko erori zen hilik, alde bateko nahiz besteko.

18. Judas ere hila gertatu zen; gainerakoek ihes egin zuten.

19. Jonatanek eta Simonek beren anaia Judasen gorpua hartu eta Modin hirian ehortzi zuten, gurasoen hilobian.

20. Israel osoak egin zuen negar eta dolu handia Judasengatik; anitz egunez ari izan ziren hiletak jotzen, esanez:

21. «Erori da adoretsua, Israel salbatzen zuena!»

22. Judasen gainerako jarduerak, gudukatzeak, egintza handiak eta ospea eman zioten gorabeherak oso ugari izan zirenez, ezin dira denak idatziz eman.

23. Judas hiltzean, Israel osoan lege gabeko jendea agertzen hasi zen eta gaizkileek burua jaso zuten.

24. Eta garai haietan gosete izugarria zegoenez, jendea haien alde jarri zen.

25. Orduan, lege-ukatzaile haietarik batzuk aukeratu eta herrialdeetako buruzagi ezarri zituen Bakidesek.

1 Makabearrak 9