1 Makabearrak 9:21-36 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

21. «Erori da adoretsua, Israel salbatzen zuena!»

22. Judasen gainerako jarduerak, gudukatzeak, egintza handiak eta ospea eman zioten gorabeherak oso ugari izan zirenez, ezin dira denak idatziz eman.

23. Judas hiltzean, Israel osoan lege gabeko jendea agertzen hasi zen eta gaizkileek burua jaso zuten.

24. Eta garai haietan gosete izugarria zegoenez, jendea haien alde jarri zen.

25. Orduan, lege-ukatzaile haietarik batzuk aukeratu eta herrialdeetako buruzagi ezarri zituen Bakidesek.

26. Buruzagi haiek Judasen aldekoak arreta handiz bilatu eta, galdeketak egin ondoren, Bakidesengana eraman ohi zituzten, eta Bakidesek iraindu eta zigortu egiten zituen.

27. Profetak desagertu zirenez geroztik ez zen izan Israelen hura adinako larrialdi handirik.

28. Orduan, Judas Makabearraren lagun guztiek bildu eta esan zioten Jonatani:

29. «Zuen anaia Judas hilez geroztik ez dugu hura bezalako gizonik izan etsaiari kontra egiteko, hau da, Bakidesi eta gure herria gorroto dutenei kontra egiteko.

30. Zu hautatzen zaitugu gaur, haren ordezko buruzagi eta gidari izan zaitezen egin behar ditugun borroketan».

31. Une hartan hartu zuen Jonatanek buruzagitza, bere anaia Judasen ondorengo bezala.

32. Hori jakitean, Jonatan hil nahian zebilen Bakides.

33. Jonatanek, anaia Simonek eta berauen aldeko guztiek, hori adierazi zietenean, Tekoako basamortura ihes egin zuten. Asfarreko urtegi ondoan ezarri zuten kanpalekua.

34. Larunbat batez izan zuen Bakidesek ihesi horren berri, eta Jordan ibaiaz beste aldera igaro zen bere gudaroste osoarekin.

35. Tresneria ugari zeramaten Jonatanek eta beronen taldekoek. Orduan, jende-taldearen gidari zen Joan bere anaia nabatearrengana, bere adiskideengana, bidali zuen Jonatanek, tresneria hura beraien artean uzteko baimen eske.

36. Baina Janbriren leinukoek, Madabakoek, eraso, Joan bera eta zeraman guztia bahitu eta harrapakinekin ihes egin zuten.

1 Makabearrak 9