1 Makabearrak 15:4-16 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

4. Geure herrialdean lehorreratu nahi dut, bera hondatu eta bertako hiriak xehatu dituztenak zigortzeko.

5. Berretsi egiten dizkizut nire aurreko erregeek egin zizkizuten zerga-kentze guztiak, baita gainerako dohainak ere.

6. Zure lurraldean erabiliko den dirua egiteko baimena ematen dizut.

7. Jerusalem eta santutegia izan bitez burujabe. Prestatu dituzun arma guztiak, eraiki eta zeure esku dituzun gotorlekuak izan bitez zureak.

8. Errege-altxorrarekiko dituzun zorrak, oraingoak nahiz gerokoak, hemendik aurrera barkatuak gelditzen zaizkizu betiko.

9. Eta geure erreinuaz jabetzean, zu zeu, zure herria eta santutegia ohorez beteko zaituztegu, zuen ospea lur osoan entzuna izateraino».

10. Seleukotarren agintealdiko ehun eta hirurogeita hamalaugarren urtean abiatu zen Antioko bere gurasoen herrialderantz. Guda-talde guztiak elkartu zitzaizkion; bakarren batzuk baizik ez ziren gelditu Trifonekin.

11. Orduan, Antiokok Trifon pertsegitzeari ekin zion; baina itsasertzean dagoen Dora hirira joan zen ihesi Trifon,

12. ohartu baitzen aldi txarrak zetozkiola gainera, gudari-taldeek utzi zutenez gero.

13. Orduan, Antiokok Dora aurrean ezarri zuen kanpalekua, ehun eta hogei mila gudari eta zortzi mila zaldunekin.

14. Inguratu zuen hiria eta, aldi berean, gudaontziak hurbildu ziren itsasaldetik. Horrela, lehorrez eta itsasoz setiatu zuten, eta ezin zen inor sartu, ez atera.

15. Bitartean, itzuli ziren Erromatik Numenio eta beronen lagunak, zenbait errege eta herrialderentzako gutunak ekarriz. Hau zioten:

16. «Luziok, erromatarren kontsulak, Ptolomeo erregeari, agur!

1 Makabearrak 15