1 Makabearrak 12:27-40 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

27. Borrokan hasteko prest, gau guztian erne eta armak eskuetan zituztela egoteko agindu zien Jonatanek ilunabarrean bere gudariei. Eta gudari aurrelariak ipini zituen kanpalekuaren inguruan.

28. Etsaiek, ordea, Jonatan bere gudariekin borrokarako prest zegoela jakitean, izuturik eta beldurrez beterik, suak piztu zituzten beren kanpalekuan eta alde egin.

29. Baina Jonatan eta gudariak ez ziren egunsentia arte ohartu etsaiek ihes egin zutela, su haien distira ikusten baitzuten.

30. Joan zen Jonatan etsaien atzetik, baina ezin izan zituen atzeman, igaroa baitzuten Eleutero ibaia.

31. Orduan, Jonatanek zabdiar izeneko arabiarrei eraso, menderatu eta ondasunak kendu zizkien.

32. Gero, kanpalekua jaso eta Damaskora joanik, eskualde hartan barrena ibili ziren.

33. Simon ere, bere aldetik, abiatu eta Askalon eta inguruetako gotorlekuetara heldu zen. Ondoren, Jopera saihestu eta hartu egin zuen,

34. entzuna baitzuen hango bizilagunek Demetrioren aldekoei eman nahi zietela gotorlekua. Gudari-talde bat utzi zuen han Simonek, hiria zaintzeko.

35. Jerusalemera itzultzean, herriko arduradunek batzarrean bildu eta Judean gotorlekuak eraikitzea erabaki zuten.

36. Jerusalemgo harresiak handiago egitea eta hango gotorleku eta hiri artean horma handi bat egitea ere erabaki zuten; horrela, gotorlekua isolatua geldituko zen, eta gotorlekukoek ezin izango zuten ezer erosi, ez saldu.

37. Bildu ziren, beraz, Jerusalem berreraikitzeko; izan ere, ekialdeko harresia, Zedron errekara begira zegoena, eroria zegoen. Era berean, Kafenata izeneko auzunea ere berreraiki zuten.

38. Simonek, bere aldetik, Xefela lautadako Adida hiria berreraiki eta gotortu zuen, eta ateak eta morroiloak ipini zizkion.

39. Trifonek Asiako errege izan nahi zuen, koroa jantzi eta Antioko erregea hil.

40. Baina beldur zen Jonatanek ez ote zion eragotziko eta gerra egingo. Horregatik, harrapatu egin nahi zuen eta hil. Abiatu zen, bada, eta Bet-San hirira heldu.

1 Makabearrak 12