1 Makabearrak 11:40-45 Elizen Arteko Biblia (Interfaith Itzulpena) (EABD)

40. Mutikoa emateko eskatu zion, aitaren errege-aulkian ezartzeko. Demetrioren egintzen berri eman zion eta gudariek hari nolako gorrotoa zioten adierazi. Egun askotan egon zen han Trifon.

41. Aldi berean, Jerusalemgo gotorlekuko eta beste gotorlekuetako gudari-taldeak kentzeko eskatu zion Jonatanek Demetriori, gudari-talde haiek beti gatazkan ari baitziren Israelen kontra.

42. Demetriok erantzun zion Jonatani: «Egingo dut hori zuregatik eta zure herriarengatik; gainera, ohorez beteko zaituztet zu eta zure herria, aukera izan bezain laster.

43. Baina orain, mesedez, bidal iezazkidazu gizonak nire alde borrokatzera, neure gudari-talde guztiek alde egin baitidate».

44. Jonatanek hiru mila gudari ausart bidali zizkion Antiokiara; haiek heltzean, poz handia hartu zuen erregeak.

45. Hiriko jendea, ehun eta hogeiren bat mila lagun, kalera atera zen asaldaturik, erregea hiltzeko asmoz.

1 Makabearrak 11