29. Oraindanik, zergak ordaintzetik libre uzten zaituztet: bai gatzaren, bai koroaren zerga kentzen dizuet judu guztioi.
30. Gainera, gaurtik aurrera, uko egiten diot, betiko, zegozkidan uztaren herena eta zuhaitzetako fruituen erdia hartzeari. Eta hori, Judean ez ezik, beroni atxiki zaizkion Samaria eta Galileako hiru eskualdeetan ere bai.
31. «Santua izanen da Jerusalem, eta hamarrenak eta zergak ordaintzetik libre, baita beraren lurralde osoa ere.
32. Uko egiten diot Jerusalemgo gotorlekuaren gain dudan aginteari eta apaiz nagusiari damaiot; berak hautaturiko gudariak jar ditzake bertan, gotorlekua defendatzeko.
33. Judeatik nire erreinuko edozein tokitara gatibu eramaniko judu orori askatasuna itzultzen diot, ordainketa egin beharrik gabe. Ez du inork zergarik ordaindu beharrik izango, ezta abereenik ere.
34. Jaiegun, larunbat eta ilberri-jaietan nire erreinuko juduek ez dute zergarik ordaindu beharrik izango, ezta agindutako jaiegun horien aurreko eta ondoko hiru egunetan ere.
35. Ez du inork baimenik izango juduei kontuak eskatzeko, ezta inolako arazorengatik eragozpenik jartzeko ere.
36. Erregearen gudarostean hogeita hamar milaraino judu sartuko dira, eta gainerako gudariek bezainbateko saria hartuko dute.
37. Haietarik batzuk erregearen gotorleku garrantzitsuenetan ipiniko dituzte eta beste batzuk erreinuan diren konfiantzazko postuetan. Ofizialak eta gudalburuak juduen artetik hautatuak izanen dira eta beren legeen arabera jokatuko dute, erregeak Judea herrialderako agindua duenez.
38. Judeari atxiki zaizkion Samaria probintziako hiru eskualdeak geldi bitez Judeari atxikiak eta har bitza Judeak beretzat. Nagusi bakarra izanen dute; ez bezate apaiz nagusia beste agintaririk onar.
39. «Ptolemaida hiria eta beronen lurraldea Jerusalemgo santutegiari dohaintzat damazkiot, bertako kultu-gastuak ordaintzeko.
40. Neure aldetik, zilarrezko hamabost mila txanpon emango ditut urtero; erregearen zerga-dirutik hartuko dira, egoki zaizuen hirietan.
41. Nire zerbitzariek aurreko urteetan ordaindu gabe utzitako diru-laguntzak, hemendik aurrera, tenpluko lanetarako emango dituzte, lehen egin ohi zen bezala.